XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hotelaren sarrerako aulkietan jezarrita egoten nintzen, egonean, denbora ematen, beste barik, Rodoviaria aurretik pasatzen ziren jende desberdinen joan-etorriei begira.

Nire alboan sarritan hoteleko beste apopilo bat egoten zen, azal zuriko gizon bibotedun bat, ondo jantzia, urrezko eskuturreko eta lepokoak zeuzkana.

Pixkanaka konfiantza hartu genuen elkarrekin eta azkenerako luzaroan egoten ginen berbaz Brasilgo egoerari buruz.

Paulista zen, Sao Paulokoa, alegia, eta Rondoniara egun batzuetarako lanera joanda zegoen, bere aseguru-bankuak bidalita.

Etsita zioenez, Sao Paulon ezin ziren fidatu lekuan lekuko aseguru-agenteekin, denek amarruak eta tratuak egiten baitzituzten aseguratuekin.

Horregatik, bere lan desatsegina Brasil osoan zehar emandako parteak egiaztatzen eta iruzurrak deskubritzen ibiltzea zen.

Ezagun zuen atsekabez zegoela han, lana ez zitzaiola gustatzen eta lurralde hura gorrotatzen zuela.

Hango ingurua hirugarren mundua zela zioen, ipar-ekialdea eta beste eskualde batzuk bezalaxe.

Sao Paulo aldea, berriz, lehen mundua zen, harro esaten zuen, baina Brasilgo ia beste leku guztiak...

Bere hitzetan, brasildar gehienek hiru gauza baino ez zeuzkaten buruan: samba, mulheres e carnaval eta hala ezinezkoa zen herrialdea aurrera ateratzea.

Bere kexa latzen artean politika ere sartzen zuen.

Agintari eta politikari guztiak ustelduta omen zeuden.

Denek aberastea baino ez zeukaten buruan.

Eskualde pobreetara bidaltzen zen dirua, esaterako, ez zen inoiz behar zen lekura heltzen, bidean geratzen baitzen, batzuen poltsikoetan, eta horrela estatu batzuk, Brasilgo gehienak, ez ziren inoiz miseria gorritik aterako.